XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

108- 109 or.

- Bigarren ariketan definizio bat agertzen da: emea zer den.

Beraren arabera, eme direnak aukeratu beharko dira zerrendetatik.

Definitzea garrantzizko operazio logikoa da, azalpenezko testuetan oso maiz ageri ohi dena, eta beraz, munta handia du berarekin hasteak, nahiz eta horretarako erabiltzen diren kategoriak sinpleak izan oraingoz.

- Etxabereen eta basatien arteko bereizkuntzan ere, gauza bera egingo dute.

Arrazoiketa lana inportantea da ariketok egiteko.

Egin ondoren, interesgarria liteke zenbait kontsideraziotan sartzea.

Hain zuzen ere, txakurra basati izan daitekeela, adibidez, edo arraina etxabere, kontura daitezen.

Irakasleak era honetako burutazioetan aritzen lagunduko die ikasleei, behin oinarrizko kontzeptuak argi dituztela ziur denean.

Beroriei ekiteko zeharka jokatuko du:

Inork ezagutzen du arrain gordailurik?

Halakoetan, arrainak preso egoten dira uretan, eta nahi denean harrapatzen dira (Amuarrain biltegiak ezagunak dira zenbait umerentzat) Arrain horiek zer lirateke, etxabere ala basati?

- Haur bakoitzak konta dezala animalia basati bati buruzko istorioa, bizimodua, e.a.

Nola bizi den, non, zer jaten duen, nola jaiotzen diren haren kumeak...

- Irudian agertzen diren animalia basatiez zer dakiten galdetuko zaie.

Haurren artean beti izaten da animaliez asko dakien bat: kirikinoa edo pelikanoa oso erakargarriak izan daitezke mintzatzeko, eta sugeez denek jakingo dute zerbait.

- Hitz egindakoaz, irakasleak arbelean idatziko du informaziorik behinena:

Kirikinoa: arantza zorrotzak ditu defendatzeko.

Batzuetan gorde egiten ditu eta bola baten gisan gelditzen da.

Sagarrak, saguak eta sugeak jaten ditu.

Umeak amaren sabeletik jaiotzen dira.

Eredua arbelean dagoenean, bakoitzak beste animalia bat aukeratzeko eskatuko zaie, eta koadernoan aukeratutako animaliaz trikuaz egin bezala idatz dezaten.

-Gure ibilaldi bat.

Gelakoek egindako txango bat kontatu.

Zer ikusi genuen, zer egin genuen...

Ondoren, idatz eta marraz dezatela han gertatu eta ikusitako gauzarik interesgarriena.

110- 111 or.

- Lehen ariketaren abiapuntua, Izpi eta beronek sabelean duen motxala dira.

Nondik jaiotzen garen eta nola bizidun guztiak ez garen era berdinez jaiotzen izan beharko lukete ariketaren aurkezpen gaiak.

Horretaz zabalki mintzatuko dira eta ondoren, ariketak eskatzen duen bezala, haurrek loturak egingo dituzte.

Irakasleak kontutan izango du haurrek -rengandik / etatik bereiztu behar dutela.

- 111. orrialdeko ariketa, berriz, asko-gutxi-bakar bat kontrajarpenak lantzeko da.

Kontutan izan testuan ez direla untxeak eta ardiak aipatzen.

Idazteari ekin aurretik egingo den ahozko lanean, horietaz ere mintzatuko dira, noski.